Etxarri Aranatzen sortu, hezi eta bizi garen familia bat gara, betidanik animali eta lurrari lotuak egon gara. Etxarri Aranatz, Sakanako bailaran kokatzen da. Batetik Urbasa-Andia eta bestetik, Aralar mendizerren artean eta guztien zaindari Beriain mendia dagolarik. Sakanan industriak pisu garrantzitsua duen arren, abeltzaintza eta nekazaritzak izugarrizko garrantzia dute. Ez bakarrik lanbide bezala, ingurugiroaren kudeaketan duen garrantzia itzela delarik.
Garai batean etxe azpian egoten ziren behiak, baina gaur egun herritik 2 km-tara, Legarbe paraje bezala ezagutua. Urbasa magalean, kokatzen da behitegia, bertako edertasun ta lasaitasun paregabean.
Baserritik bizitzearen nahiak, eraman gintuen etxeko erreleboa hartzera, baina aldaketa garrantzitsuak nahi genituen. Apostuaren norabidea garbia zen, lurretik hasi ta produktuaren bukaeraarteko zikloa gure eskutan egotea nahi genuen, hau da, behien elikadura ahal den neurrian guk landutako lurretan jasotzen dugu. Gure behien inguruan, jakin badakigu ez direla esne litrotan liderrak izanen, baina bai zeresana dutela kalitatean, hori bai da gure kalitatezko esnekiak egiteko dugun armarik garrantzitsuena. Salmentak ahal den modurik zuzenena da helburu, hau da, etxetik, kontsumo taldei, herritako denda, harategitan eta azoketan.